2021/08/25

GURE LURRIÑA, IZAN BIOLURKIDE bazkidetza kanpainari hasiera emango diogu ostiral honetan Zumaian ospatuko dugun azokan.

Biolur elkartea Gipuzkoan nekazaritza eta abeltzantza ekologikoa sendotzeko asmoz sortu genuen duela ia hiru hamarkada. Geroztik, baserriaren etorkizuna bermatu eta nekazaritza eredua irauli asmoz aritu gara.

Egun 125 bazkide ekoizlek/baserritarrek eta 153 bazkide herritarrek osatzen dugu Elkartea eta  Gipuzkoako nekazari, abeltzain eta okin ekologikoen erreferente eta bilgune nagusia garela esan dezakegu.

Abiatuko dugun bazkidetza kanpainarekin elkartea sortu zeneko ekoizle eta herritarren arteko elkarte izaera jendarteratu eta indartu nahi dugu, horretarako elkartearen berri eman eta biolurkideok bakoitzak beretik eta guztiok kolektiboki  egiten duguna ikustarazi eta ezagutaraziz.

Bizi dugun egoerak erakusten digu ekoizpen eta kontsumo eredua irauli beharra daukagula, ingurumenaren, norbanakoon eta komunitatearen osasuna  erdigunean jarri  nahi baditugu behintzat.

Biolurri dagokigunez, elikadura osasuntsua sortzetik eta nekazaritza iraunkorretik heltzen diegu euskal jendarte bezala ditugun erronka horiei. Hala ere erronka horiei modu kolektiboan erantzun behar diegula uste dugu, eta lankidetza ezinbestekoa dela ulertzen dugu.

1.go udako azoka ekologikoarekin, Zumaian abuztuaren 27an emango diogu hasiera bazkidetza kanpainari, eta datozen hilabeteetan zehar segida emango diogu, uda-udazkeneko azoka ekologikoetan, kontsumo taldeetan, sare sozialetan, etb.

Herritar, elkarte, Udal, denda eta helburuekin bat egiten duen edonor egin daiteke bazkide, eta egitera animatu nahi ditugu, Biolur sendotzeak asko laguntzen baitio Gipuzkoako elikadura ekologikoaren ekoizpen sareari, eta beraz, Euskal Herriak behar duen elikadura burujabetzaranzko prozesu agroekologikoari.

Badauzkagu ilusioa eta indarra bide hori egiteko, baina beharrezkoak ditugu bide lagunak, beharrezkoa herritarron babesa.

IZAN BIOLURKIDE! IZAN BIOLUR!

albisteak

albisteak

Denak ikusi.

agenda