Proiektuak

HoBBea. Lurraldeko ogi ekologikoa denontzat hobea da.

Gaur egungo elikadura sistema, iraunkorra izatetik urrun dago: ekoizpenak, elikagai kontsumoak, zein galerak eragin handia du ingurumenean, osasunean eta elikagaien segurtasunean, baliabide natural asko kontsumitzen dituelako, biodibertsitatearen galeraren erantzule ere badelako eta desberdintasun ekonomiko eta sozialak ere sortzen dituelako.

Kezka-testuinguru horretan, ogiaren balio-kateko eragileen (Hazialdeko – Biolur – Biharko Lurraren elkartea) harreman/ibilbide luzearen ondorioz, "HoBBea" ekimena sortu da.

Proiektu honek nekazariaren/okinaren figura indartu nahi du, eta baita lurraldeko ogi ekologikoaren kontsumoaren balioak eta onurak ezagutarazi. Helburu nagusia elkarteen arteko aliantza sendotzea eta bizi dugun krisi ekosozialari aurre egiteko ekoizpen- eta kontsumo-eredu arduratsuak sustatzea da. Asmoa da urteetako ibilbidearen ezagutza jaso, sektorerako eredu ekologikoari buruzko ibilbideak egiteko aukera ikusaraztea eta ogiaren kontsumo-ohituretan aldaketak sustatzeko aukerak mahai gainean jartzea.

Aipatu bezala, proiektu hau abiapuntu izanda, lau helburu nagusi ditugu:

  1. Elkarteen arteko lankidetza indartu eta egonkortu
  2. Ogigintzarako lurraldeko gari populazio zaharrak errekuperatzea
  3. Lurraldeko ezagutza kolektiboa jaso, sortu eta trasferitu
  4. Jendartean aldaketa kulturala sustatu

 

Proiektuak bost galdera gakori erantzunak eta definizioak bilatuz antolatu dugu; horretarako, topaketak eta bisitak egin ditugu, material ezberdina sortu eta jendarteratuz.. Lehen saioa BLEren eskutik izan zen, 2024ko maiatzean, Jatsun. Hazi herrikoien inguruan jardun genuen: zer diren, nola ezaugarritzen diren, zein barietate hautatu… eta abar. Biolurrek antolatuta bigarren topaketa Eibarren egin genuen abenduan; gure ogiaren balioak identifikatu eta komunikatzeko baliatu genuen. Zergatik jan behar dugu ogia?, Zerez osatua dago gure orantza?, Zein dira bere onurak eta eraldaketaprozesuak?, Zein da ogiaren nutrizio-balioa?…galdera horiei guztiei erantzuteko, Frantziatik etorritako Christian Rémésy nutrizio-aholkularia eta Myriam Pousou okina izan genituen gurekin. Arratsaldean, gure ogiaren balioak komunikatzeko hitz egokiak bilatzen jardun genuen. Hirugarren eta azken topaketa Erripodasen egin genuen, joan den ekainean, Hazialdeko elkartearekin. Bertan, ale osoko zereal ekologikoen eta antzinako barietateen papera osasunean zein den aztertu genuen. Eguna Iriarte familiaren etxaldeko gari-sailak bisitatuz hasi genuen, eta ondoren, nekazaritza ekologikoan erreferentea dengonbidatu berezia izan genuen: María Dolores Raigón ikerlaria, solasaldi interesgarria eskaini ziguna.

Gure ogia saltzen dugun dendetan, azoketan eta plazetan zabaltzeko sortu dugun triptikoak jasotzen ditu era laburtuan trasmititu nahi ditugun balioak.

Proiektuaren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan.

 


 

albisteak

Denak ikusi.

agenda