54. Udako Ikastaroak 2026 | AzpeitianEkainaren 19an, ostiralean Azpeitiko azoka plazan ( Elikagunean)
Ekainaren 19an jardunaldi berezia egingo dugu Azpeitian, Nekazaritza eta elikadura sistemek bizi duten krisiari ikuspegi juridikotik heltzeko asmoz. UEUk, EHU-GEZKIk, Biolurrek, Landaolak eta Ekintzakoop-ek antolatuta, eta Elikagunea zein Azpeitiko Udalaren laguntzarekin, “Nekazaritza eta elikadura sistemak: marko juridikoak, politika publikoak eta agroekologia” izeneko jardunaldiak hainbat aditu, ikertzaile, udal ordezkari eta eragile sozial bilduko ditu.
Jardunaldiaren abiapuntua gaur egungo nekazaritza eta elikadura sistemek bizi duten krisi ekologiko, sozial, ekonomiko eta kulturala da, eta egoera horretan arlo juridikoak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Izan ere, lurraren jabetzak, ekoizpen baldintzek, merkaturatze arauek, lan-harremanek edo politika publikoek zuzenean baldintzatzen dituzte tokiko elikadura sistemak eta agroekologiaren aldeko proiektu eraldatzaileak.
Jardunaldiaren helburu nagusia, marko juridikoa ikuspegi kritiko eta eraldatzailetik aztertzea, eta elikadura burujabetzaren, agroekologiaren eta tokiko proiektuen garapenean dituen erronkak eta aukerak identifikatzea da. Horretarako, ezagutza juridikoa kolektibizatzeko aukerak landuko dira, bai eta proiektu agroekologiko eta komunitarioek aurrez aurre dituzten erronka nagusiak eta estrategia posibleak ere.
Jardunaldia nekazaritza, agroekologia eta elikadura burujabetzaren arloan lanean ari diren pertsonentzat diseinatu dugu bereziki, baina baita zuzenbidearekin, politika publikoekin edo lurralde antolaketarekin lotutako ikasle eta profesionalentzat ere.
Marko legala agroekologiarako edo elikadura burujabetzarako oztopo gisa aurkeztu daiteke askotan, baina baita eraldaketa sozialerako aukera gisa ere. Horregatik, bereziki garrantzitsutzat jotzen dugu udalen, landa-garapeneko elkarteen eta udal elkargoen parte-hartzea, tokiko eremuetan beharrak eta tentsioak modu zehatzagoan agertzen direlako eta politika publikoek eragiteko gaitasun handiagoa dutelako.Azpeitiko jardunaldi honek aukera emango du agroekologiaren eta elikadura sistemaren etorkizunaz hausnartzeko, zuzenbidea tresna eraldatzaile gisa ulertuta eta politika publikoen rola erdigunean jartzeko.Jardunaldiaren inguruko informazioa, egitaraua eta izen emateko; Lurra, legea eta elikadura. Nekazaritza eta elikadura-sistema ikuspegi juridikotik politika publikoetan